Nafarroako Gobernuak txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna bultzatuko du plan berri batekin

Berrikuntzan eta negozio berrien abiaraztean aurrerapauso bat eman nahi du estrategia berriak.

Gainera, Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak 35.000 eurorekin finantzatuko ditu merkatarien elkarteen prestakuntza-ekintzak.

 Turismoko Plan Estrategikoaren zirriborroari egindako alegazioak jasotzeko epea ekainaren 11ra arte zabaldu da.

PICNafarroako Gobernuak Nafarroako hurbileko txikizkako merkataritza bultzatzeko 2017-2020rako Plana jarri du martxan, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eta berrikuntza eta negozio berriak martxan jartzea errazteko.

Gainera, estrategia berri hori baliagarria izango da sektore honetan enpresa-lankidetza bultzatzeko eta administrazio publikoek, hau da, hala Gobernuak berak nola toki-erakundeek, Nafarroako txikizkako merkataritza bultzatu eta sustatzeko zereginean duten parte-hartzea hobetzeko.

Sektoreko agenteek, adituek eta merkatarien elkarteek hartu dute parte Plana egiterakoan; planak 11 lan-ildo eta 37 ekintza zehatz ditu, hiru urte hauetan garatu beharrekoak. 2020. urtean planaren nondik norakoa ebaluatzeko, Nafarroako Gobernuak 8 adierazle planteatu ditu, besteak beste: enpresa-elkartegintza % 30etik % 40ra igotzea; hurbileko saltokiek online egiten duten salmenta % 9tik % 15era igotzea; eta merkataritza-dinamizazio eta merkataritza-garapenerako 10 udal-plan egitea.

Zirriborro hori Merkataritza Mahaiari aurkeztuko zaio, Iruñean, ekainaren 14an, eta zonan ekainaren 15 eta 22an, eta interesatuta dauden agente, merkatari, toki-erakunde guztien eta abarren ekarpenak jasoko ditu. Gainera, ekainaren 30era arte dokumentu honi ekarpenak egin ahal izango zaizkio Gobernu Irekiaren web-atarian.

35.000 euro merkatarien elkarteen prestakuntza-ekintzetarako

Gainera, Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak 35.000 eurorekin hornitutako laguntzak jasotzeko deialdia egin du, Nafarroako txikizkako merkataritza-sektoreko agenteei zuzendutako prestakuntza espezializatuko eskaintza finantzatzeko, euren lehiakortasuna eta profesionalizazioa hobetu dezaten.

Prestakuntza-ekintza zehatzak dira diruz lagunduko direnak: jardunaldi tekniko, kongresu edo mintegi monografikoak; prestakuntza espezializatuko ikastaroak; eta Nafarroatik kanpoko prestakuntza-jardueretara joatea. Honako hauek jaso ditzateke laguntzak: merkatarien elkarteek, merkatarien elkarte mistoek (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak), merkatarien enpresa-elkarteek, eta merkatarien elkarteen taldeek.

Laguntzak eskatzeko epea ekainaren 26an emaitzen da, eta eskaera hori nahitaez www.navarra.es web-atarian egin behar da. Ekintzak, Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuak merkataritzaren eremuan ematen duen etengabeko eta lanerako prestakuntzaren osagarriak izango direnak, aurtengo urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte egin beharko dira.

Turismoko Plan Estrategikoan parte hartzeko epea zabaldu da

PIC 2Bestalde, Zuzendaritza Nagusiak Turismoko 2017-2025 urteetarako Plan Estrategikoaren zirriborroari alegazioak aurkezteko epea zabaldu du 2017ko ekainaren 11ra arte. Dokumentua hainbat erakundek, kolektibok eta pertsona adituk 2016ko azarotik 2017ko martxora bitarte egindako elkarlanaren emaitza da, Nafarroako bost zonatan aurkeztu da, eta bertan hainbat ekarpen jaso dira.

Planaren helburuen artean honako hauek azpimarra daitezke: hurbileko merkatuetan, hau da, Espainian eta Frantzian, Nafarroak duen posizioa sendotzea; Foru Erkidegoa Europako turismo-merkatuan posizionatzea uste-sasoiarekin lotuta ez dagoen eskariaren fluxuak erakartzeko, helburuan eguneroko gastu handia eginez; turismo-lehiakortasuna segmentuen eta produktuen bereizketan oinarritzea, natura eta kulturari lotutako lurralde-ondarearen elementuetan eta pertsonatan oinarrituz; enpresaburuen eta turismo-erakundeen arteko lankidetza bultzatzea; eta turismo-espazioaren kudeaketaren lurralde-artikulazioa hobetzea, lurralde-erakundeen arteko lankidetza bultzatuz eta administrazioen arteko koordinazioa hobetuz.