Erdi Aroan murgilduko da Nafarroa, historia, sorginkeria eta antzinako azokak uztartzen dituen kultura-agendarekin

Datozen asteetan Foru Komunitatera hurbiltzen direnek Erdi Aroa gogoraraziko dute programazio zabal bati esker, ekitaldi tradizionalenekin hasi eta erritu magikoenekin buka.

 Uztailerako eta abuztuko lehen asteetarako kultura-agenda ekitaldiz beteta dator, iristen zaizkigun bisitarien arreta erakarriko duten ekitaldiez beteta. Programazio zabal batek agerian utziko du Foru Komunitatearen Erdi Aroko iragana eta antzina-antzinako ospakizunak bizirik irauten dutela erakutsiko digu.

Olite_Mercados medievales_4498_Guillermo NavarroAgenda irekitzeko Historiarekin Topaketak ditugu, Nafarroako Interes Turistikotzat deklaratutako ekitaldiak, Artaxoan egiten direnak, uztailaren 1ean eta 2an, hain zuzen ere. Erdi Aroko hiribildua eraldatu egiten da antzinako garaiak gogorarazteko eta garrantzi historikoa duten legendazko pertsonaiak antzezten dituzte artaxoatarrek.

Agramondarrak eta beaumondarrak borrokan aritu zireneko Hesiaren Hartzearen antzezpena da ekitaldi garrantzitsuenetako bat, Nafarroako Erresuma zaharra zatitu zuten nobleziako bi alderdien arteko borrokaren adierazgarri. Gainera, programa osatzeko, Pregoia dugu, herriari lotutako ospe handiko pertsona batek iragarritakoa, baita Eskuzko Ezkila Errepika, Lurralde Santutik zetorrela Saturnino Lasterrak egindako iritsieraren iragarpena gogorarazten duena, berekin Jerusalemgo Ama Birjinaren irudia zekarrela, gaur egun Artaxoako zaindari denarena.

Era berean, historian murgildu ahalko da bisitaria borrokalarien eta zaldunen desfileen bidez, Erdi Aroko azokaren bidez, hegazti harraparien erakusketaren bidez, Erdi Aroko torneo handiaren bidez edo esgrimako tailerraren bidez.

Urtero bezala, uztailaren 13an izango da antzina-antzinatik datorren Hiru Behien Zergaren ekitaldia, Europako zaharrena arlo horretan. Erronkaribarrean egiten da, San Martingo Harrian, Nafarroako ibar horren eta Baretos ibarraren (Frantzia) arteko muga sinbolikoa adierazten duen parajean. Mugako bi aldeetako jendearen elkargune bihurtzen da paraje natural hori, eta bertan 1375. urteko epai bat gogorarazten dute, zeinaren arabera bearnotarrek betiko hiru behi ordaindu behar dituzten Erronkariko bazkalekuak aprobetxatzeagatik. Ez dugu ezagutzen zeremonia horren ez jatorria, ezta arrazoia ere; zenbait zantzuren arabera, K.a. 125. urtean izan dezake jatorria eta gaur egun anaitasun-jai bihurtu da.

Sorginkeria, Erdi Aroko Azokak eta kondairak

Bargotako herria leku magiko bihurtuko da Sorginkeriaren Astearekin, uztaileko 14tik 24ra bitarte. Zazpi egunez, Vianatik kilometro gutxi batzuetara dagoen herri txiki hau, XVII. mendera itzuliko da, magiaz betetako programa batekin. Herritarrek estandarteekin, lastozko fardoekin eta altzari zaharrekin apaintzen dituzte kaleak, eta horrekin batera Erdiko Aroko azoka bat, edabeak egiteko txoko tematikoak eta haurren sorginkeriako stand bat izango ditugu, sorginkeriaren mundu enigmatikoari buruzko hitzaldiak, erakusketak eta tailerrak egiteaz gain.

Uztailaren 22tik aurrera Lizarrak ere bere Erdi Aroko Astea ospatzen du. Ega ibaiaren hiria osorik ematen da festara, eta banderekin, suziriekin eta Erdi Aroko jantziekin dekoratzen da, eta Erdi Aroko azoka bat ere (uztailaren 22a eta 23a) hartzen du, bisitaria Erdi Aroan sartuz bete-betean. Inaugurazio-pregoia irakurri ondoren, betiere Nafarroako errege bat antzezten duen pertsonaia baten bidez, askotariko programa bati ematen zaio hasiera, Erdiko Aroko errezeten dastatzeez, juglareen emanaldiez, zaldunen arteko borrokez, artisau-abileziez, kale-antzezpenez, falkoneriako ikuskizunez, eta Erdi Aroko kontzertu eta afariez betetakoa.

Uztailaren 22an eta 23an ere, Jatorri Deituren eta Kondairen Jardunaldiak egingo dira Mendabian, Ebro ibaiaren ertzetan hazten den herriko baratze-produktu oparoak balioan jarriko dituen ekitaldia. Herri guztiak parte hartzen du Erdi Aroko azokan, eta hainbat produktu dastatzeko aukera dago, hala nola Lodosako pikillo piperrak, Nafarroako zainzuriak, olioa, patxarana, Tuterako alkatxofak, arkumea edo txahala. Mendabiako berdura eta barazkien kalitateari esker, Nafarroako jatorri- eta kalitate-deiturekin babestutako hamaika produktu hartu ditu guztira udalerriak beretzat.

Gainera, Mendabiaren kokapen estrategikoa kontuan izanda, Errioxarekiko mugan baitago, kondaira ugari sortu izan dira bertan historian zehar. Hori horrela, bi egunez, ofizio zaharren eta kondairen kale-antzezpenak ikusi ahalko dituzte bisitariek, Erdi Aroko taberna batera sartu ahalko dira edo garai hartako tortura-elementuen erakusketa batera ere bertaratu ahalko dira.

Abuztuan sartuta, Lekunberri ere Erdi Arora itzuliko da garai hartako alaitasunez betetako herri bihurtzeko bere Antzinako azokari esker. Nafarroako mendialdeko herri horretako biztanleak mozorrotu egiten dira eta herriaren historian inspiratutako kale-animazioko emanaldiak antolatzen dituzte, bisitariari beren salgaiak eskaintzeaz gain. Aukera paregabea herriko kaleetan barrena ibiltzeko, antzinako usainetan murgildutako kaleetan.

Erdi Aroko Nafarroako bidaia abuztuan bertan (hilaren 11tik 13ra) amaituko da Erriberrin izaten diren Erdi Aroko jaiekin. Erdi Aroko hiribildua zutoihalekin, ezkutuekin eta intsigniekin apaintzen da, Nafarroako errege-erreginak udaldiaz gozatzera hirira etortzen ziren garaian bezala. Juglareek, bufoiek eta artisauek bizipoza ematen diete herriko kaleei eta Karlos III.a Prestuaren garai gorenetara eramaten dute bisitaria. Aukera paregabea antzinako azokekin gozatzeko, baita Errege Jauregira egiten diren bisita teatralizatuekin, hitzaldiekin eta antzezpen historikoekin ere.