Foru Erkidegoko erreka-zulo eta arroila ugariek kirolari ausartenak barrankismoa edo raftinga egitera gonbidatzen dituzte.

 Gainera, Esa, Alloz eta Moreako urtegiek bela, surfa, piraguismoa edo uretako eskia egiteko aukera eskaintzen dute.

 Udak freskatzera bultzatzen du, baina horretarako ez da beharrezkoa kirola alde batera uztea. Nafarroak aukera ugari eskaintzen ditu bere urtegietan eta arroila eta erreka-zulo ugarietan uretako jarduerez gozatzeko, Foru Erkidegoa helmuga paregabe bihurtuz urari lotutako kirolen zaleentzat.

Nafarroako ibaiak lurraldeko erakargarrietako bat dira uretako kirolak maila guztietan praktikatzeko, adibidez lurraldearen hegoaldeko ibai emaritsuetan nabigatzeko edota ibairik malkartsuenetan raftinga egiteko. Pirinioetan hainbat errekasto daude, bertako ibai nagusietan: Urrobi, Irati, Areta, Salazar eta Ezka; baita piraguan jaitsierak egiteko aukera ere Bidasoa Goienan, edota raftinga, canorafta edo hidrospeeda Errobi ibaian; isurialde kantauriarrean, Bidasoak era berean Pirinioetako ibaiek baino zailtasun txikiagoko ibilbideak eskaintzen ditu; Erdialdean eta Erriberan ibaiak emaritsuagoak dira, eta urte osoan zehar nabigatzeko aproposak dira. Honako ibai hauek nabarmentzen dira: Ega, Arakil, Arga, Aragón eta Ebro (eta inguru horietan jarduerak eskaintzen dituzten enpresak: NiveGuías Urpe edo Guías K2). Nafar Espeleologi Batzordeak bere webgunean informazio interesgarria eskaintzen die diziplina horren zaleei, eta hainbat enpresa espezializatuk informazioa eta materiala eskaintzen dituzte kirol horiek modu seguruan praktikatu ahal izateko.

Kirolari ausartenek barrankismoa egin dezakete Nafarroa karstikoan dauden arroila ugarietan. Iruñetik ordu erdi pasatxora, Artazulekoa zailtasun tekniko handiko erreka-zuloa da, 40 metroko altuera, 600 metroko luzera eta 200 metroko desnibela duen rappel irten batekin. Barrankismoa maite dutenentzako beste erreferentziazko leku batzuk honako hauek dira: Arandari, Erronkaribarrean, eta Arrako eta Jordán, Belaguako haranean.

 Nafarroako urtegiek uretako kirolak egitera gonbidatzen dute

Leireko mendilerroaren oinean eta Iruñetik 47 kilometrora, Esako urtegia, Nafarroan nabigatu daitekeen azalerarik handiena, bere baldintza klimatologiko bikainei esker gune egokia da bela arina, windsurfa, uretako eskia edota txalupa motordunen pilotajea bezalako kirolak praktikatzeko. Haizea bederatziko indarrera iritsi daiteke mendilerrotik sartzen den ziertzo indartsu eta parrastatsuaren ondorioz, baina ohikoena hego-haizea da, ur-azalean uhinak eratuz eta bosteko indarreraino ere iritsiz, eta horixe da nabigatzaileek gustukoen dutena. ‘Pirinioetako itsasoa’ deritzotena arrantzaleek ere gustuko dute, amuarrain, karpa eta perka amerikar ederrak arrantzatzen baitituzte bertan.

Bigarren urtegi garrantzitsuena Allozkoa da, Lizarratik 15 minutu eskasera dagoena; urez betetako itsasoa da, Salado ibaiak elikatua eta surflarien elkargune, hiruko eta lauko indarreko haizeak daudelako, surfa eta windsurfa egiteko gune paregabe bihurtzen dutenak. Urtegia udan oso toki egokia izaten da belan estreinatzeko eta “bataioa” hartzeko, edota piraguak, windsurf-taulak eta belaontzi txikiak alokatzeko. Gainera, urtegi hori ‘Nafarroako Paisaien Bidea. Ura eta Behatokiak’ izeneko ibilbidean aukeratutako 35 baliabideetako bat da.

Tamaina txikiagokoa izanik, eta Iruñetik hurbil, Moreako urtegiak arrantzale eta bainulari ugari erakartzen ditu oso ur garbiak dituelako. Piraguistak eta belazaleak ere asko joaten dira bertara.

Hainbat enpresa espezializatuk urtegi horretan ere ikastaroak eta materialak eskaintzen dizkiete bisitariei, eskaintza zabalaz gozatzeko. Antzabidek erabiltzaileari aukera ematen dio ‘uretako erromes’ bihurtu eta herri horren eta Iruñearen artean dagoen Arga ibaiaren tartea egiteko. Esnavelak, beste hainbat jardueraren artean, bela- eta windsurf-ikastaroak eskaintzen ditu helduentzat eta haurrentzat, baita ‘nabigazio-bataioak’ ere. Iruñeko Piraguismo Eskolak uretan ondo moldatzen eta ur-paseo bat ematen irakasten du. Azpimarratzekoa da, era berean, Escur jarduera-enpresak Ega ibaiak Lizarra zeharkatzen duenean eskaintzen duen piraguismo-proposamena, edota raftingean espezializatuta dauden enpresen eskaintzak, adibidez Nattura izeneko enpresa, bere giden eskutik txalupa pneumatikoetan egindako ibilbideak antolatzen dituena Irunberriko Arroilako Natura Erreserban, BKZ Navarra Aventura edota RiverGuru Rafting. Mugitu Abentura enpresak ere kayakekin egindako jarduerak eskaintzen ditu maila eta jende guztiarentzako (taldeak, familiak, haurrak) Ega ibaian eta Allozko urtegian.

Turismo termala uda lasai baterako

Gorputza zaintzea eta burua erlaxatzea ere posible da Nafarroan dauden ur termaletako bi bainuetxe ospetsuetan, hau da, Elgorriagan eta Fiteron. Lehenengoa, Malerreka Haraneko ingurune piriniotarrean, Elgorriaga udalerri txikian kokatuta dagoena, munduko mineralizaziorik bortitzena duen iturburua da, eta paisaia harrigarriak dituen natura-ingurune batean erlaxatzeko eta lasaitzeko aukera bikaina eskaintzen du. Fiteroko Bainuetxean ura 50 ºC-tik gorako tenperaturarekin azaleratzen da, eta bereziki egokiak dira gaixotasun erreumatologikoetarako eta arnasbideen gaixotasunetarako, baita errehabilitazioetarako ere.

Argazkia: Patxi Uriz