Ia mila saltoki itxi daitezke Nafarroan 2021. urtean

eNafarroako merkataritzak talka-plan bat eskatzen du, berehala

SEKTOREAREN DIAGNOSTIKOA NAFARROAN

Merkataritzaren sektorea zigortuenetako bat izaten ari da, ostalaritzaren eta turismoaren ondoren, pandemiaren inpaktuagatik, eta merkatari gehienak beren haragitan sentitzen ari dira azken urte honetan. Errealitate horren aurrean eta azken asteotan establezimenduen itxieren azkartzearen aurrean, premiaz ezagutu behar izan dugu sektorearen egungo egoera. Funtsean bi alderditan zentratuta: joan den urtean salmentek izan duten beherakada, eta Nafarroako merkatariek beren negozioen etorkizunari edo bideragarritasunari buruz epe ertain eta laburrean dituzten aurreikuspenak.

Horretarako, Nafarroako Merkatarien Elkarteak, eta Iruñeko eta Nafarroako hogei bat zona-elkarteren parte-hartzearekin, inkesta bat zuzendu zien duela egun batzuk elkarteko kide diren establezimenduei. Inkesta horri Nafarroa osoko 400 establezimenduk baino gehiagok erantzun diote, eta oso egoera kezkagarria erakusten dute.

Salmenten jaitsiera orokorra

Inkesta horren arabera, Nafarroako merkatarien %72,10ek salmentak murriztu zituzten iaz, aurreko urtearekin alderatuta, eta ekipamendu pertsonalaren sektorea izan zen kaltetuena (arropa, oinetakoak, osagarriak, bitxiak, imitaziozko bitxiak, optikak), aurreko urtearekin alderatuta, sektore horretako merkatarien %89,36ri eragin baitzien. Fakturazioaren bilakaerari erreparatuz gero, merkatarien %40,24k salmentak %30 eta %40 artean murriztu dituzte 2020an, zonaldeen arabera.

Itxierak arrapaladan metatzeko mehatxua

Datu horiek gehitzen badizkiogu hurbileko merkataritzaren azken urteotako salmenten gutxitze motel baina progresiboari, egiturazko eta faktore anitzeko krisi luze baten ondorioz, uler dezakegu establezimendu askok bizi duten egoera kritikoa. Hain zuzen ere, hurrengo bederatzi hilabeteetatik aurrera irekita egotea espero ote duten galdetuta, saltokien %15,18k ezetz uste dute, eta zifra hori txikizkako merkataritza-jardueren erroldara estrapolatuta, establezimenduen itxiera eragin lezake, ia mila establezimenduren kasuan.

Baina itxieren mehatxua ez da epe laburrera bakarrik, baita epe ertainera ere. Inkestatuen %23,03k ez dute espero datozen bost urteetatik aurrera irekita egotea, eta, Nafarroako saltokien erroldara estrapolatuta, baliteke guztira zabalik diren 6.000 establezimenduetatik 1.300 baino gehiago ixtea 2026. urtea baino lehen. Fakturazioaren bilakaeran bezala, ekipamendu pertsonalaren sektorea da emaitzarik txarrenak ematen dituena. Aurreikusitako itxieren ehunekoa %22,86 da bederatzi hilabetean, eta ia %30 bost urtean.

Aldeak zonaldeen arabera

Hala ere, krisi honen eragina ez da homogeneoa lurraldean, eta Nafarroako gainerako saltokiek ematen dituzten emaitzak txarragoak dira, Iruñekoekin alderatuta, batez bestekoa baino 10 puntu handiagoak baitira. Nafarroako gainerako herrietako merkatarien %82,78k adierazi du salmentak jaitsi egin zirela iaz, baina etorkizunerako itxaropena antzekoa dela ehunekoetan, bi kasuetan.

Era berean, nabarmenagoa da salmenten jaitsiera, 20 puntu gorago, Iruñeko erdialdean, auzoetan baino. Era berean, etorkizuneko itxaropenak askoz okerragoak dira hiriaren erdigunean, seguruenik pandemiak aldatu egin dituelako, hilabete hauetan, herritarren ohiturak kontsumoari eta mugikortasunari dagokienez, beste faktore batzuk ere aintzat hartuta, hala nola ostalaritza ixtea. Horrek eragina izan baitu hirigune historikoetan eta turismo-establezimenduetan izandako bisitari-kopuruan.

Enpleguaren gaineko eragina

Zer neurritan eragin diezaioke egoera horrek enpleguari? Agerikoa da asko dela. Enpresen itxierak merkataritzaren sektorean 2.500 lanpostu baino gehiago galtzea ekar lezake, datozen bederatzi hilabeteetan, eta ia 4.000 lanpostu, datozen bost urteetan, autonomoen eta soldatapekoen artean.

MERKATARITZARI LAGUNTZEKO PREMIAZKO PLANA

Merkataritzak bizi duen egoera kritikoaren ondorioz, sektoreari laguntzeko premiazko plan bat eskatzen dugu, enpresen biziraupenari laguntzeko, salbuespenezko krisi pandemiko garai honetan. Bestela, itxi egin beharko dituzte, eta horrek eragina izango du hainbat alorretan, esaterako: enpleguan, gure erkidegoaren lurralde-orekan, herritar guztien ondasun eta zerbitzuen eskuragarritasunean eta gure hiri, herri eta auzoen bizitasunean.

Plan horrek, besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko lituzke kontuan. Nafarroako Gobernuaren edo udalen mende daudenak baino ez ditugu zerrendatuko. Hala ere, badira beste eskari batzuk, ERTEekin, autonomoekin, enpleguarekin eta KOIekin lotutakoak, eta horiek Gobernu Zentralera bideratuko ditugu maila nazionalean:

Nafarroako Gobernuari zuzenduak

1.-Pandemia gehien jasan duten saltokiei LAGUNTZA ZUZENA ematea euren gastu finkoen pisua arintzeko.

2.-KENKARI FISKAL HANDIAGOAK bai Zuzeneko Zenbatespenaren zein Zuzeneko Zenbatespen Bereziaren araubidean, PFEZean, Sozietateen gaineko Zergan eta bestelako zergetan. bai eta BEZaren itzulketak azkartzea ere, zergak ordaintzeko luzamendua

3.-KONTSUMORAKO BONUEN KANPAINAK AKTIBATZEA, aurrekontu ekonomiko nahikoarekin, Nafarroa osoko saltokietan trukatu ahal izateko.

4.-Hurbileko MERKATARITZA DIGITALIZATZEKO BENETAKO PLANA, sektorearen egungo eten digitala gainditzen lagunduko duena eta online salmenta eta etxez etxeko banaketa modu erreal eta eraginkorrean ahalbidetuko duena, lehia-baldintzetan.

5.-SUSTAPEN EKONOMIKOKO EREMUAK arautzen dituen foru lege proiektua egiteko eta onartzeko prozesua bizkortzea

6.-KOMUNIKAZIO-KANPAINA OROKORRAK denboran jarraikortasuna dutenak, hezkuntza-eremuan hurbileko merkataritzaren balioak eta EKINTZA PEDAGOGIKOAK nabarmentzen dituztenak, kontsumo ohituretan eta ereduetan aldaketa sakona sustatzen laguntzeko.

Udalei eta beste erakunde batzuei zuzendutakoak

1.-Erkidegoko herri eta hirietan MERKATARITZA-GUNEAK ETA -ARDATZAK GARATZEN ETA FINKATZEN lagunduko duten neurri zehatzak. Orain arte agindutako planak ia inoiz ez dira praktikara eramaten.

2.-Erkidegoko herri eta hirietako merkataritza-gune eta -ardatz horietan HUTSIK DAUDEN MERKATARITZA-LOKALAK OKUPATZEKO neurri zehatz eta proaktiboak.

3.-Plangintzan sartutako mugikortasun-neurriak, SALTOKI TXIKIETARAKO IRISGARRITASUNA SUSTATZERA eta beste merkataritza-formatu batzuekin parekatzera bideratutakoak.

4.-UDAL-TASEN ETA BESTELAKO ZERGEN MURRIZKETAK (hiri-kontribuzioa, zabor-tasak, etab.)

Lehen urrats gisa, premiaz Ekonomiaren Garapeneko sailburu berriarekin, Mikel Irujo jaunarekin, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarekin, Elma Saiz andrearekin, biltzea eskatuko dugu, eta erronda bat egingo dugu Nafarroako Parlamentuko talde politikoekin, merkataritzaren egungo egoera azaltzeko eta gure eskariak helarazteko, hargatik eragotzi gabe elkarteen eta udalen arteko topaketak babestea eta erraztea, beren eskumenekoak diren alderdietan.

PRENTSAURREKOAN PARTE HARTU DUTENAK

 Gaur, otsailak 26, ostirala, Nafarroako Enpresarien Konfederazioan egindako prentsaurrekoan aritu dira Iñigo Martínez, Latxan Txantreako merkatari eta ostalarien elkartearen ordezkari gisa, Inma Elcano, Nafarroako Merkatarien Elkartearen ordezkari gisa, Mª Jesús Alonso, Ensanche área comercial elkartearen ordezkari gisa, Carlos Albillo, Iruñeko Alde Zaharreko elkartearen ordezkari gisa eta Mikel Cabestrero, Nafarroako hainbait merkatari elkarteren ordezkari gisa.