“AgurPlastikoaAdiós” kanpaina

Merkatari agurgarriak:

Nafarroako Gobernuak AgurPlastikoaAdiós leloa duen kanpainari ekin dio. Horren bidez herritarrak sentsibilizatu nahi dira, plastikozko poltsa gutxiago erabiltzeko. Gainera, beste aukera bat bultzatzearren, paperezko 130.000 poltsa dohainik banatzen hasiko dira, hilabete honetatik aurrera, Nafarroako Hondakinen Partzuergoa osatzen duten mankomunitate guztietan (Nafarroako hondakinen mankomunitateak, Iruñerriko Mankomunitatea kenduta), bat eginik hondakinen prebentzioko aste europarrarekin, azaroaren 16tik 25era eginen baita.

Ekimen hau sustatu dute Nafarroako Gobernuko Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoak, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak eta GAN-NIKek. Hondakinei buruzko Foru Legea duela gutxi onartu da, eta haren printzipioak gauzatzetik dator ekimen hau. Arau honek hondakinak prebenitu eta murriztu beharra nabarmentzen du eta, 2020tik aitzina, plastikozko poltsak erabiltzea debekatuko du. Aurreko uztailetik aurrera poltsa horiek jada ordaindu egin behar dira zuen establezimendu guztietan.

Helburua da ikusgai egitea badaudela, plastikozko poltsez gain, beste aukera batzuk; halaber, animatzea erosketa egiteko beste ontzi mota batzuk erabiltzera, hala nola oihalezko poltsak, poltsa konpostagarriak, saskiak edo erosketetarako orgak.

Banaketa-irizpideetako bat da tokiko eta hurbileko merkataritza sustatzea; horregatik animatzen zaituztegu mankomunitateekin harremanetan jartzera eta banaketan laguntzera, zuen bazkideengana iristeko eta zuen bezeroei dohainik eskaini ahal izateko paperezko poltsa hauek, tokiko basoetako zurarekin egindakoak.

Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoan garbi ikusten dugu hondakinen kudeaketan ditugun erronkak bete ahal izateko ezinbestekoa dela sinergiak sortzea eta, ahal dugun neurrian, elkar laguntzea. Hori dela-eta, lankidetzan ari gara Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiarekin.

Agur bero bat.