Elkarteko saltokientzako gomendioak, segurtasun neurriak ezartzeko

Enpresaburu bakoitzaren erantzukizuna da beharrezko segurtasun neurriak aplikatzea, koronabirusa kutsatzea saihesteko eta langileen nahiz bezeroen segurtasuna babesteko, baita berea ere.

Besteren konturako langileak dituzten enpresen kasuan, gomendagarria da saltoki bakoitzak aplikatu beharreko neurriak laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuarekin kontsultatzea.   Norberaren konturako lana egiten dutenen kasuan, beharrezko neurriak aplikatzeko, segurtasun-irizpide egokiak aplikatuz jokatu behar da.

Segurtasuna saldu behar da; beraz, lehenengo gomendioa kartelak jartzea da, aplikatzen diren garbiketa eta desinfekzio protokoloen berri emateko, bai eta saltoki bakoitzean ezartzen diren bestelako segurtasun neurrien berri emateko ere.

Gure bazkide guztientzat interesgarriak iruditzen zaizkigun hainbat gomendio atera ditugu Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioekin eta Osasun Ministerioarekin elkarlanean prestatzen ari diren jardunbide egokien gidaren zirriborrotik. Gomendio horiei zuen saltokien segurtasuna bermatzeko beharrezko jotzen dituzuen gomendio guztiak gehitzen ahal dizkiozue.

Gomendio orokorrak

1.- SALTOKIA EZ IREKI, beharrezko materialik eta merkataritza-antolamendurik ez badago.

2.- Saltokia ireki aurretik DESINFEKTATU, bulegoak barne. Horrez gain, segurtasuna emateko, saia gaitezen bezeroak garbitasun usaina suma dezan adibidez.

3.- Gutxienez 2 metroko segurtasun tartea gorde behar da bai saltzaile eta bezeroaren artean, eta baita bezeroen artean ere. Distantzia hori mantendu ezin bada, salmenta prozesu osoan maskara erabiltzea gomendatzen da, arreta zein ordainketa guneetan.

4.- Sar daitekeen gehieneko pertsona kopurua ezarri, euste-neurriak malgutzeko fase bakoitzean agintari eskudunek emandako ezohiko neurriak betetzeko aukera emanez; zehazki, gutxieneko distantzien neurria betetzeko aukera emanez (gutxienez 2 metro). Seinaleak jarri, bezeroek distantziak errespeta ditzaten.  Toki faltagatik saltokian sartu ezin diren bezeroek kanpoan itxaron beharko dute, segurtasun tarteak gordeta.

5.- Bezeroak lokalera sartzeko eta ateratzeko ate desberdinak erabili, ahal bada.

6.- Ahal izanez gero, «Seguru erosteko erreiak» sortu, geziekin edo seinaleekin esate baterako, sartzeko eta ateratzeko ordena adieraziz, bezeroen artean beharrezkoak ez diren kontaktuak saihesteko (bezeroak ibiltzeko norabide bakarra ezarri).

7.- Produktuak zuzenean bezeroentzat ikusgai dituzten saltokiek eguneroko desinfekzioa areagotuko dute. Bezeroek produktuak ukitzeko mugak ezarri ahal izanen dituzte, adibidez, eskularruak erabiltzera behartuz, eta, beharrezkoa izanez gero, erositako produktuak segurtasunez desinfektatzeko prozedura argi eta garbi adieraziz.

8.- Hidrogela saltokiaren sarreran jarri, bezero guztiek eskuetan emateko. Eskularruak eta maskarak eman, saltokian ibili behar badute. Banagailu automatikoa duen hidrogela, zuzenean ukitu gabe erabili, paperezko eskuzapi batekin edo erabilera bakarreko paperzapi batekin dosifikatzailea zapalduz.

9.- Pedala duen zaborrontzia jarri saltokiaren sarreran, eskularruak, zapiak, maskarak, etab. uzteko.

10.- Zaborrontzi pedalduna ordainlekuan jarri, mostradorean.

11.- Kartelak jarri, bakoitzak ezarritako arauak betetzeko eskatuz.

12.- Gure saltokian, mostradorearen atzean egon behar badugu beti, segurtasun manpara jarri. Mostradorearen eta bezeroaren arteko distantzia 2 metrora arte luzatu, mostradorea baldin badugu.

13.- Ordaintzeko, txartela edo mugikorra erabiltzea gomendatu. Bezeroak datafonoa ukitu behar badu, hidrogelarekin desinfektatu, erabili aurretik eta erabili ondoren.

14.- Erabilera bakarreko txanoak eman, burugainekoak, kapelak edo txanoak probatzeko. Jarri erabili eta botatzeko estalkiak zapatak probatzen badira, betiere erabili eta botatzeko eskularruak aurrez jarrita eta hidrogelarekin desinfektatuta.

15.- Dendariak denda barruan mugitu behar badu, aurpegiko pantailak edo maskarak eta eskularruak janztea komeni da.

16.- Krisialdiak dirauen artean, hartu edo uki daitezkeen produktuak ez utzi jendearen eskura. Lokaleko langileek soilik erabiltzeko edo ukitzeko jarri (makillajeak, koloniak…).

17.- Erabiltzen diren bakoitzean desinfektatu behar dira probalekuak, aulkiak, etab. Gortinen ordez ateak jartzea gomendatzen da. Gortina ez bultza eskuarekin, ukondoarekin baizik; eta banaka sartu behar da aldalekura, mendekotasun kasu zehatz batzuetan izan ezik, etab. Bi probaleku baino gehiago izanez gero, txandaka erabili. 2 izanez gero, bakarra erabili.

18.- Bitxiak eta antzekoak saltzen badira, probatu aurretik hidrogelarekin desinfektatu dagokion gorputz atala (lepoa, eskumuturra, hatza…) edo plastikoa jarri, filma adibidez. Dendariak maskara eta eskularruak jantzi beharko ditu.

19.- Bezeroek probatzen dituzten salgaiak (arropa, etab.), berrogeialdian eduki beharko ditugu 48 orduz, edo bezeroek itzulitakoan desinfektatu.

20.- Atea irekita eduki ahal den guztietan, maratilak edo heldulekuak, kristala eta markoa ez ukitzeko.

21.- Jendearentzat irekitzen diren saltokiek eta lokalek gutxienez egunean bi aldiz garbituko eta desinfektatuko dituzte instalazioak; egunaren bukaeran, nahitaez; eta bereziki zainduko dituzte ateen maratilak, erakusmahaiak, altzariak, eskulekuak, banaketa makinak, zorua, telefonoak, pertxak, orgak, saskiak, ur-kanilak, etab. Horretarako, binilozko edo akrilonitrilozko eskularruak erabiliko dituzte edo latexezkoak kotoizko eskularruen gainetik; eta lixiba disoluzioz prestatuberri diren desinfektantatzaile arruntak, % 62 eta 71 arteko etanol kontzentrazioak, minutuan % 0,5 peroxido hidrogenoa dutenak edo beste desinfektatzaile batzuk. Bestelakoak erabiliz gero, horien eraginkortasuna ziurtatu behar da. Segurtasun datuen fitxetan adierazitakoaren arabera erabiliko dira beti.

22.- Lokalak eta saltokiak behar bezala aireztatzen direla bermatu behar da. Instalazioak aldizka aireztatzea gomendatzen da, egunero; gutxienez bost minutuko aldietan. Aire-iragazkien garbiketa indartzea ere komeni da eta klimatizazio sistemen bentilazioa handitzea, airea maizago berritzeko.

23.- Saltokietan maskarak erabiltzea gomendatzen zaie bezeroei, gainerako bezero eta langileen babesa bermatzeko.

24.- Saltokiek eta lokalek erabilera bakarreko eskularruak jarri beharko dituzte jendearentzat. Sekziokoak edo beste motatakoak izan daitezke, erabili eta botatzekoak betiere, eta lokalaren sarreran egon beharko dute, paperontziekin batera, modu seguruan bota ahal izateko lokaletik ateratzean.

25.- Elikagaiak ez dituzten autozerbitzurako guneak dauzkaten saltokietan, langile batek eman beharko du zerbitzua, bezeroek produktuak zuzenean ukitzea saihesteko.

26.- Ordainketa kutxen eremuan, ahal den neurrian, txandaka erabiliko dira kutxak, pertsonen artean  2 metro mantenduz. Erraz garbitzeko eta desinfektatzeko modukoak diren plastikozko edo antzeko manpara gogor edo erdi-gogorrak jartzea baloratuko da. Horrela, instalatu ondoren, lan-eremua babestuta geratuko da, eta txanda aldaketa bakoitzean garbitu eginen da. Beste aukera bat da kutxetako langileek euren aurpegiak osorik babesteko pantailak erabiltzea. Ahal den neurrian, lehentasuna emanen zaio haurdunen, adinekoen, desgaituen eta abarren arretari.

Merkataritza sektorearen araberako gomendioak

Elikadura

1.- Elikagaien saltokiek orain arte ezarritako segurtasun neurriekin eta aldi horretan izandako esperientziarekin jarraituko dute.

2.- Elikagaiak ontzirik ez badu, babestu egin beharko da bitrina baten barruan, plastikoarekin,  kristalaren edo metakrilatoaren bidez edo higienea bermatzen duen beste edozein materialekin.

3.- Arrantzako produktuak, fruta edo barazkiak laguntzarekin saltzen direnean, establezimenduaren tamainara egokitutako produktuen  eta bezeroen arteko segurtasun tartea ezarri ahal izanen da.

4.- Saltzaileek nahiz erosleek ontzirik gabeko produktuak ukitzeko, eskularruak behar dira. Halakorik izan ezean, segurtasun neurriak eta garbitasun zein desinfekzio maiztasuna zorroztuko dira.

5.- Autozerbitzuko fruta eta barazkien kasuan, produktua garbitzeari eta tratatzeari eta erabili nahiz botatzeko eskularruak erabiltzeari buruzko gomendioak jaso beharko dira.

Ehungintza

1.- Probalekuak dituzten merkataritza establezimenduek, behar izanez gero, ixtea edo partzialki irekitzea baloratu beharko dute (adibidez, probaleku bat ireki eta bestea ixtea), eta langileen laguntza emanen dute, segurtasun eta higiene neurriak bermatzeko. Gehienez pertsona bat/probaleku bat okupatzeko neurria ezarriko da, salbuespenezko egoeretan izan ezik, eta erabiltzen den bakoitzean garbituko da, atea, panela edo gortina barne.

2.- Probalekuen gehieneko okupazioa pertsona 1/probaleku 1 da, eta, erabiltzen den aldi bakoitzaren ondoren, desinfektatu eginen dira. Probalekuen guneek dendako langileen laguntza izanen dute, segurtasun eta higiene neurriak bermatzeko.

3.- Probalekuak gortina badauka, gortinaren ordez ate edo panel bat jartzea gomendatzen da, edo, bestela, jarraibideak ezartzea, eskuekin baztertu beharrean, eskularruekin edo ukondoarekin alboratzeko.

4.- Probatu diren jantziak desinfektatu egin beharko dira edo 48 orduko berrogeialdian jarri, eta erabilera bakarreko eskularruekin jaso beharko dira. Desinfekzio metodo gisa, jantziei argi ultramorearen erradiazioa ematea edo Osasun Ministerioak egoki jotzen dituen beste bitarteko batzuen eraginpean jartzea gomendatzen da.

5.- Ahal den neurrian, eman eskularruak bezeroei, arropak ukitzean kutsatu ez daitezen.

Oinetakoak

1.- Probatzeko, saltokiak emandako erabilera bakarreko galtzerdiak erabiltzea gomendatzen da.

2.- Probatu baina erosi ez den produktua, itzulitakoan, alkohol soluzioko edo antzeko esprai bidez garbitu.

Bitxi dendak

1.- Bezeroak ez du inolako gainazalik, bitrinarik edo katalogorik ukitu behar, ez bada dendak emandako eskularru berriekin edo bezeroak dakartzan gel hidroalkoholikoz garbitutako eskularruekin. Ezin izanen ditu salgaiak ukitu; dendariak erakutsiko dizkio.

2.- Bitxi sorta osoak desinfektatuta egon beharko du, eta pieza bakoitza desinfektatu eginen da ukitzen edo probatzen den bakoitzean.

3.- Probatzen badira, saltzaileak maskara eta eskularruak erabili beharko ditu. Bezeroak maskara ere bai, eta gel hidroalkoholikoarekin desinfektatu beharko ditu eskuak eta probaren gorputz zatia. Beste aukera bat da erabilera bakarreko plastikozko estalki bat erabiltzea, adibidez filma, behar den gorputz zatia estaltzeko (eskua, besoa, eskotea, etab.), eraztuna, erlojua, lepokoa eta abar non probatzen diren kontuan hartuta.

4.- Produktu desinfektatzaile gisa, ura eta xaboia gomendatzen dira, oro har. Baita 70 graduko alkohol propilikoa ere, zapi edo kotoizko disko batekin igurtziz, betiere alkoholak kaltetu ditzakeen bitxiak saihestuz (perlak, esaterako). Horrelako kasuetan, hidrogeno peroxidoa (ur oxigenatua) erabiltzea gomendatzen da, edo konposatu horrekin lurrun bainua ematea. Erradiazio ultramorea ere desinfektatzaile gisa gomendatzen da.

Teknologia, telefonia eta kultura (liburuak, CDak, filmak eta antzekoak)

1.- Bezeroei erabilera bakarreko eskularruak emanen zaizkie establezimenduaren edo eremuaren sarreran, eta nahitaez erabili beharko dira produktuak ukitzeko.

2.- Erakustokiak eta ikusgai dauden produktuak maiz garbituko dira.

3.- Produktuak itzuliz gero, higieneari eta bezeroen babesari buruzko neurri orokorren atalean jasotzen den bezala jokatuko da.

4.- Liburuak ez dira desinfektatuko.

5.- Liburuek eta paperezko argitalpenek askotariko osagaiak dituztenez (papera, kartoia, plastikoa, oihala, larrua, kola, haria, etab.), itzultzen direnean, 14 egunez aparteko leku batean beste produktuetatik berezita uztea gomendatzen da, liburu dendara bueltatzean kutsatuta ez daudela ziurtatzeko.

Gasolindegiak

Erabilera bakarreko eskularruak janzten direla eta 2 metroko tartea uzten dela ziurtatu behar da. Halaber, erregai hornigailuak txandaka erabili behar dira, eta erregaia hornitzeko guneak garbi eta desinfektatuta mantendu.

Altzariak

1.- Ahal den neurrian, bezeroek jasoko dituzte euren produktuak. Ibilgailuan kargatzeko laguntza behar badute, babes egokia beharko dute denek. Etxez etxeko banatzaileek eta dendetako muntatzaileek behar adina babes elementu eraman beharko lituzkete, lanean ari diren bitartean hondatuz gero aldatzeko (gutxienez bi eskularru pare eta 2 maskara pertsonako); bai eta gel desinfektatzaileak ere, entrega bakoitzaren aurretik eta ondoren emateko.

2.- Babesa jarriko zaio gainean saltzeko kontaktu fisikoa behar duen edozein altzariri eta osagarriri: sofak, aulkiak, lastairak… Proba bukatzean, bota edo desinfektatu eginen dira estalkiak.

Zeramika dendak, eta bainugela, sukalde eta berrikuntza lanetarako hornikuntzak

1.- Laginak aurkeztean eta materialen ukidura edo egitura testatzerakoan, bezeroari adieraziko zaio zein gunetan egin behar den proba. Ondoren, piezari dagokion desinfekzio prozesua eginen zaio.

2.- Katalogo fisikoarekin lan egiteko, saltzaileak erakutsi dezake edo erabilera bakarreko eskularru babesleak eskaintzen ahal zaizkio bezeroari.

3.- Bezeroak kontratatutako profesionalarekiko harreman zuzena sustatuko da, obra koordinatzen lagundu ahal izateko, bezeroa ahalik eta gutxien mugitzeko.

4.- Produktuen hornidura zuzenean obra dagen tokian eginen da, bertara eramanda. Igarotako tokien garbitasuna eta desinfekzioa ziurtatuko duen hornidura-prozeduraren arabera.

5.- Segurtasuna handiagoa izan dadin, gomendagarria da albaranen mahaietan manparak erabiltzea eta, ahal den neurrian, langileek babestea.