Nafarroak bere produktu gastronomikoak dastatzeko aukera eskaintzen du

Tutera, Zangoza, Erriberri, Valtierra, Fitero eta Leitza dauzkagu euren janari gozoak nabarmentzeko iraileko lehen asteetan ekitaldi gastronomikoak ospatzen dituzten udalerrien artean.

Comiendo talo en el dia del Talo en Leiza

Iraileko lehen asteetan Nafarroak bere produktu gastronomiko ospetsuenetako batzuei omenaldia egiten die. Tomatea, potxa, ardoa, kalabaza edo taloak dira datozen asteetan Foru Komunitateko hainbat lekutan dastatu ahal izango diren gutizietako batzuk. Ospakizunak eta Nafarroako gastronomiaren kalitate gorenak erakarrita, gero eta bisitari gehiago hurbiltzen dira produktu horiek dastatzeko ospatzen diren ekitaldietara. Hilabete osoan zehar beste nahitaezko hitzordu batzuekin jarraituko duten festa gastronomikoak ditugu, adibidez irailaren 24an egingo direnak: Uxueko Artzain-apurren eguna, Lekunberriko Sagardo Eguna edo Lergako Mahats Bilketaren Jaia.

Tuterak, irailaren 1ean eta 2an, Tuterako tomate ‘itsusiaren’ I. Asteburua ospatuko du, Erriberako hiriburuko bertako barietate hori nabarmendu eta goraipatzeko. Programatutako ekintzen artean, bertaratzen direnek lehiaketa, tailer eta dastaketetan parte hartu ahal izango dute; gainera, inguruko beste barietate batzuk ezagutzeko aukera izango dute, hala nola, ‘Corazón de Fitero’ edo ‘Negro Crimea’ izen bitxiak dituztenak. Barietate horiek guztiak hautespen genetikorik edo bestelako teknika modernorik gabe landatzen dira, aspaldiko tomateen zapore, kolore eta propietateei eusteko helburuarekin.

Bestalde, irailaren 9tik 17ra bitarte, Tuterak kultura-proposamen berezia eskaintzen du Tuterako Des Adarve arte efimeroko I. Ekitaldia deitutako ekitaldiarekin hiriko hainbat eszenatokitan, hala nola, Almirantearen Etxean, San Adriango Markesaren Jauregian edo Miserikordiako Errege Etxean. Egun horietan, dantzak, zineak eta kontzertuek hiriko monumentu garrantzitsuenetako batzuekin bat egingo dute.

Tuterak bezala, Iruñeak ere tomatezaleei omenaldia egiten die Antzinako Tomatearen IV. Azoka antolatuz San Nikolas plazan irailaren 9an. Horrez gain, aurreko egunetan, irailaren 7an eta 8an, antzinako tomateen eta zopa hotzen dastaketak egingo dira, eta tomateen herri-dastaketa.

Beste ekitaldi gastronomiko garrantzitsu bat Zangozako Potxari Gorazarre Jardunaldia da. Irailaren 1etik 3ra bitarte potxa- eta ardo-dastaketak, aleketa kolektiboa modu tradizionalean, nekazaritzako elikagaien azoka eta errezeten lehiaketa egingo dira. Gainera, bertako jatetxeek jaki hori protagonista duten menuen dastaketa eskainiko dute.

Irailaren 3an Nafarroako Mahats-bilketaren Festa Erriberrin egingo da. Nafarroako Ardoaren Kofradiak ekitaldi programa bete-betea antolatzen du Nafarroa sor-markako ardoak goraipatzeko eta zabaltzeko. Kofradiakideen desfileak eta pregoiak festari hasiera eman ondoren, bisitariek mahats-zapaltzea eta lehen muztioen herri-dastaketa gozatu ahal izango dute; bestalde, gaikako lehiaketak eta jardunaldi gastronomikoak egingo dira, ardoari lotutako pintxoak eta platerak eskaintzeko. Gainera, mahasti eta upategietako ateak irekiko dituzte jendearentzat. Hori guztia, fanfarreak eskainitako musikarekin eta aste osoan emango diren kontzertuekin.

 Valtierrako Kalabaza Erraldoien Azoka ekitaldi bitxi eta ikusgarrienetako bat da. Datorren irailaren 9an, hainbat lekutatik ekarritako 300 kilorainoko kalabaza erraldoiak egongo dira ikusgai. Ekitaldia Valtierrako Foru Plazan egingo da, eta goiz osoan zehar barazki ikusgarri horien lehiaketa egingo da irabazle bat izendatzeko. Aperitiboak, erraldoien dantzak eta haurrentzako jarduerek txikienentzako festa osatuko dute.

IrailarEn 15ean Arrantxoaren Eguna ospatuko da Fiteron. Patata, haragi eta txorizoz eginik, funtsezkoa zen plater hori, antzinako nekazariek lan egiteko behar zuten energia aurkitzen baitzuten dietako gisatu horretan. Fiteroko Udala arduratzen da ekitaldia antolatzeaz, «el Barranco» izeneko eremura hurbiltzen den orok goza dezan. Hartara, Nafarroako errezeta sortaren iragana gogorarazteko aukera dago.

Amaitzeko, irailaren 17an, Leitzak Nafarroako iparraldeko elikagai tradizionalenetako bati omenaldia egingo dio Taloaren Eguna ospatuz. Egun horretan artisau-produktuen eta elikagaien azoka, herri-kirolen erakustaldiak eta talo-dastaketak –gozoak edo gaziak, txistor, gazta, hirugihar, txokolate edo eztiarekin– ere egingo dira.

Informazio gehiago lortzeko:

Daniel Gil Larráyoz

turismodenavarra@navarra.es

640 284 366